Santa Anaren portada

Santa Anaren portada monumentala, duela gutxi zaharberritua, gurutzaduraren hegoaldeko besoan dago. Epistolaren nabearen lehen zatiaren eta Santiagoren kapera izandakoaren artean sartuta geratu zen, hiriaren babes-harresiaren eraginez. Sarbide hori itxi egin behar izan zen, eraikinaren arkitektura-arazoei aurre egiteko. 1962ko esku-hartzean agerian geratu zen berriro, baina kalte asko zituela, eta hori dela-eta zaila da iruditeriaren interpretazio ikonografiko osoa egitea. Parisko katedraleko San Teofiloren atarian –dotorezia handikoa eta goranzko efektuduna? erabilitako ereduari jarraitzen dio, baina, aditu batzuen arabera, badu loturarik, egiturari dagokionez, Espainiako beste katedral batzuetako atariekin ere .

Programa ikonografiko konplexua garatzen du bost arkibolten, tinpanoaren, ateburuaren eta ate-zangoen artean. Arkiboltetan era askotako gaiak daude irudikatuta, multzoari dinamismo eta naturaltasun handia ematen diotenak: Itun Zaharreko pertsonaiak, gai kristologikoak, aingeruak, irudi erlijiosoak, emakumezko santuen koruak eta Jesusen haurtzaroaren zikloa, Arabako eskultura gotiko monumentaleko osoena. Ateburuak bestelako tratamendua du; hainbat eszenak kalte handiak dituzte, eta nekez identifika daitezke. Familia Santuaren inguruko gaiekin loturik daudela ematen du, eta Kristoren giza izaera eta jainkozko izaera goraipatzea dute helburu. Tinpanoa ere oso hondatuta dago, eta Kristoren bataioaren eszena du buru; eszena horren adibide bakarra da Arabako gotiko osoan. Haren izaera sinbolikoak erreferentzia egin liezaioke iragateari; sakramentu horren bitartez neofitoak kristau-komunitatearen parte izateko jasaten duen aldaketa fisiko zein espiritualari. Portada hori ere Alfontso XI.aren errege-patronatuaren mende geratu zen, eta Erdi Aroko hiri-egituran txertatuta, non judutegiak izan baitzuen gero eta garrantzi handiagoa. Hori dela-eta, ezin da baztertu, Lucia Lahoz irakaslearen arabera, programa ikonografiko horren bidez biztanleria juduari keinu bat egin nahi izatea; eta horrek agerian uzten du, behin berriro, eraikinak bere hiri-ingurunearekin duen harreman estua.

Ate-zangoetan bi irudi daude alde banatan; horietako batzuk, identifikatzen zailak. 1563an, Mendebaldeko elizpearen ezkerreko portadara aldatu zituzten, eta 1967an egindako zaharberritze-lanetan jatorrizko lekuan jarri zituzten berriro. XV. mendearen hasierakoak dira, ustez.


Lokuzioa

Ficha técnica

  • Egilea: Anonimoa
  • Data: XIV. mendearen bigarren herena
  • Teknika: Tailla harri polikromatuan
  • Neurriak:
  • Kokapena: Santa Maria Katedrala (Vitoria-Gasteiz)
  • FITXA TEKNIKOA DESKARGATU (PDF)

Irudien galeria


OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA

AZCÁRATE RISTORI, José M.ª de. “Catedral de Santa María (catedral Vieja)”. En: PORTILLA VITORIA, Micaela J. et al. Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria: Ciudad de Vitoria. Vitoria-Gasteiz: Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal, tomo III, 1968,pp. 87-89.

SILVA VERASTEGUI, Soledad. Iconografía Gótica en Álava. Temas iconográficos de la escultura monumental. Vitoria-Gasteiz: Diputación Foral de Álava, 1987.

LAHOZ, Lucía, M. “Contribución al estudio de la portada de Santa Ana. Catedral de Vitoria”. Boletín del Museo e Instituto Camón Aznar, LXIII, 1996, pp. 79-104.

LAHOZ, Lucía, M. “Patronato real en el Gótico en Álava”. Boletín del instituto Camón Aznar, LXIX, 1997, pp. 53-80.

LAHOZ, Lucía, M. De ritos, guiños y ecos cívicos: La portada de Santa Ana de la catedral de Vitoria. (Estudio inédito realizado con motivo de la restauración de la portada para la Fundación Catedral Santa María)